mercredi 24 février 2016

Prisonniers politiques corses : un article du journal basque Berria avec une interview d'André Paccou pour la LDH

Korsika. Presoen hurbiltzea eta amnistia aldarri

22 preso korsikar daude Frantziako eta Korsikako hamar espetxetan sakabanatuta. Hurbilketa eskatzen du gizartearen gehiengoak; amnistia ere anitzek, baina desadostasunekin.









Preso korsikarrentzako amnistia eskatzen du mugimendu abertzaleak. Irudian, prentsaurreko bat. KORSIKAKO LDH GIZA ESKUBIDEEN LIGA

Urte bat eta erdi igaro dira jada FLNC Korsikako Nazioa Askatzeko Fronteak armak utzi zituela, baina ordutik ez da anitz aldatu Korsikako preso politikoen egoera. Are, eragileek salatzen dutenez, okertu ere egin dira haien baldintzak. Gaur egun, 22 preso politiko korsikar daude Frantziako eta Korsikako hamar espetxetan sakabanatuta. Horietatik zazpi baino ez daude Korsikan: Borguko espetxean. Epaituak eta kondenatuak daude Borgun dauzkaten guziak, bost urtetik 28 urterainoko zigorrak ezarrita.

Gainontzekoak, ordea, Frantziako espetxeetan dituzte. Gehienak Paris inguruko kartzeletan daude; ez, ordea, elkarrekin: Nanterren, Fresnesen eta Bois d'Arcyn preso bana dute, eta bina Poissyn, Villepinten, Osnyn, Fleury-Merogisen eta Meauxko kartzeletan. Hurbilagoko espetxeetan ere badago bat: Arlesko espetxean dago Claude Erignac, Korsikako prefeta hil izana egotzita bizi osorako espetxe zigorra duen Yvan Colonna presoa.

Frantziako legearen arabera aplikatzen zaie gehienei Korsikatik urruntzea. Izan ere, legeak dio behin-behineko atxiloaldian ez dutela zertan egon etxetik hurbil. Korsikako LDH Giza Eskubideen Ligako Andre Paccouk deitoratu du, alta, legea ez dela kasu guzietan aplikatzen: «Badira kondenatuak diren presoak eta halere sakabanaturik segitzen dutenak». Alessandri Pierre presoaren kasua da horietako bat: bizi osorako kartzela zigorra du, eta Poissyn daukate, etxetik mila kilometro ingurura. Berdin epaiketaren zain dauden guziak.

Legea gorabehera, preso guziak Korsikara hurbiltzeko prest agertu izan da Frantziako Gobernua behin baino gehiagotan. Hauteskunde aitzineko Korsikako Asanbleak presoak hurbiltzeko eskatu zion gobernuari, eta Christiane Taubira Justizia ministro ohiarekin elkartu zen ordezkaritza bat: ez zuen fruiturik eman. Abenduko bozak abertzaleek irabazi ondotik, berriz, Manuel Valls lehen ministroarekin elkartu ziren Jean Guy Talamoni Korsikako Legebiltzarreko presidentea eta Gilles Simeoni gobernukoa. Presoak hurbiltzearen alde agertu zen Valls, hitzetan. Baina batak zein bertzeak ez dute itxaropen anitzik adierazpenetan. Hala erran du Talamonik, berriki, Gure Irratiari emandako elkarrizketa batean: «Duela hamabost bat urte jada lau ministro etorri ziren Ajacciora, eta hitzeman zuten preso guzien hurbiltzea. Hamabost urteren buruan, ez da deus eginik». LDHko Paccou ere iritzi berekoa da: «Utzi behar zaio errateari, eta egin egin behar da».

Baldintzak okertzen

Azkenaldian, gainera, okerrera egin du presoen zein militante politikoen kontrako errepresioak. Paccouk eman ditu datuak: «Azken hamazazpi hilabeteetan 55 lagun interpelatu dituzte, 11 lagun preso sartu dituzte, zazpi askatu, eta bost hurbildu». Bilana ezkorra da, haren ustez: «Ez da bakarrik lehenagotik preso zeudenak ez dituztela hurbiltzen. FLNCk armak utzi eta gero ere antiterrorismoak segitu du jendea interpelatzen, presondegiratzen. Errepresio makineriak aitzina dabil deus pasatu izan ez balitz bezala. Eta, bistan da, horrek zinezko arazo bat dakar baketzearen bidean».

Espetxe barneko baldintzak ere kritikatu ditu Paccouk. Erraterako, behin-behineko atxiloaldiak luzeak direla, lau urterainokoak: «Euskaldunen kasuan gauza bera gertatzen da, prozedura antiterrorista baita». Baldintza kaxkarrak salatzeko presoek egindako protestak ere zigortzen dituzte, zigor ziegaren edo bakartzearen bidez. «Bada preso politiko bat ere elektrizitate gabe egon dena, unibertsitateko azterketak zituen arren. Horrek ikastea galarazi dio, ezin zuelako ordenagailua martxan ezarri, eta, noski, protesta egin zuen: zigor ziegara eraman zuten».

Mugimendua, zatitua

Preso korsikarren giza eskubideen alde babes zabala izanagatik, desadostasunak dituzte antolaketa eta aldarrietan. Presoen sostengu taldeak zatiturik daude, batetik: Sulidarita elkarteak hartzen ditu bere gain ia preso guziak, baina bertze bi, berriz, Aiutu Paisanu elkartearen gain dira. Yvan Colonna eta Alain Ferrandi presoek, berriz, ez dute ezein elkarteren parte izan nahi.

Aldarria ere zatitua dago: Sulidaritak eta ezkerreko mugimendu abertzaleak, oro har, amnistia eskatzen dute, eta Korsikako herriko etxe ugarik eman diote babesa galde horri. Gainontzeko alderdiak eta LDH bera ez datoz bat eskaerarekin, alta. Paccouk azaldu du zergatia: «LDH eta Sulidaritak elkarrekin lan egin dugu anitzetan, baina Sulidaritak orain erabaki du aitzinean ematea amnistia. Ez gaude ados, pentsatzen baitugu amnistiaren gaiak ekarpena egiten baldin badio baketzeari, pausatu behar dela gatazkaren bukaeran, eta korsikarren gehiengoarekin eztabaidatuta». Korsikako Asanblean abertzaleek gehiengoa izanagatik, haratago joateko eskatu du: «Korsikarrek ulertu behar dute preso politikoen gaia ez dela arazo nazionalista bat soilik, guziena baizik».